Gehien bisitatutako sarrera

lunes, 17 de enero de 2011

Txertoa, zertan datza?


Alzheimer-en gaixotasunaren ezaugarri nabarmenetako bat burmuinean gertatzen den amiloide izeneko proteinaren kontzentrazioa da. Laborategiko saiakeretan erabili ziren saguak genetikoki eraldatuta zeuden, burmuinean ohi dena baino amiloide gehiago sor zezaten. AN-1792 izeneko txertoak amiloide-plakak sortzea eragotzi zuen. Elan Corporation enpresako ikerlariek saguen sistema inmunoari ziria sartzen saiatu ziren, sistemak berak amiloideak substantzia arrotzat har zitzan.Horretarako bederatzi saguri amiloideak —beste elementu batzuekin konbinatuta—injektatu zitzaizkien, txertoa eman zitzaien; beste 17k ez zuten txertorik jaso. Hori egin eta 13 hilabetera saguen burmuinak aztertu zituzten eta txertoa hartu zuten saguen burmuinetan amiloiderik ez zegoela edo oso gutxi zegoela ikusi zuten; gainerako saguen burmuinetan amiloideen kontzentrazioa handia zen.

Bigarren entsegua ere egin zuten ikertzaileek, txertoa dagoeneko amiloide-plaka ugari zituzten saguei emanda. "Txertoak gaixotasunaren garapena gerarazi zuen, eta —itxuraz behintzat— plaken kontzentrazioa gutxitu egin zen".

Saguekin egindako entseguek itxaropenerako zirrikitua irekitzen duten arren, badira txertoak gizakietan Alzheimerrenari aurre egiteko baliorik ez izateko arriskua dagoela pentsaraz dezakeen arrazoirik. Horietako bat —oinarrizkoena— amiloideak dira, baliteke eta amiloideen kontzentrazioa gaixotasunaren sintoma izatea, eta ez gaixotasunaren eragilea. Bestalde, Alzheimerrena duten gaixoek burmuinean saguek ez dituzten beste ezaugarri batzuk dituzte. Azkenik, ez dago argi lehen aipatu diren sintoma eta portaera guztiak Alzheimerrenaren hasieraren ondorio diren edo beste zerbaiten ondorio izan daitezkeen; hortaz, arrakasta osoa lortzeko ezinbestekoa izan beharko litzateke aldez aurretik argi eta garbi jakitea nork duen gaixotasuna, eta nork duen gaixotasuna izateko arriskua.


Alzheimerrenari aurre egiteko balio duen edo ez jakiteko denbora beharko den arren, AN-1972 txertoak aukera berriak irekitzen ditu hainbat proteinaren kontzentrazioaren ondorioz sortzen diren gaitzen, Creutzfeldt-Jakob-en gaixotasunaren —behi eroen gaitzarekin lotura estua duena— edo Parkinson-enaren, aurka lan egiteko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario