Gehien bisitatutako sarrera

viernes, 28 de enero de 2011

Bicicleta, cuchara, manzana

Blogean zehar aipatu den bezalaxe,asko dira gaixotasun hau pairatzen dutenak, bai ezagunak zein ezezagunak izan. Pertsona hauen bizipena munduari erakusteko, Carles Bosch kataluniarrak dokumental bat prestatu zuen ,zeina 2010.urtean bukatu zuen filmatzen.  Dokumental honen  protagonista Kataluniako Generalitateko presidentea izandako Pasqual Maragall dugu. Politikari honek bere gaitzaren berri eman zuen 2007.urtean, eta ordutik 2010.urterarte Bosch-ek Maragallen gaixotasunaren eboluzioa filmatzen joan da. Bere intentzioa ez bakarrik Alzheimer dutenei, baizik eta hauen senitartekoei esperantza izpi bat ematea baino ez da.  Izatez, nahiz eta Maragallek gaitasunak galtzen doala jakin, ez du etsitzen, eta ahalik eta bizitza normalena jarraitzen saiatzen ari da, gaixotasunak uzten dion punturarte, behintzat.


Dokumentalaren tituluari dagokionez, ederki laburbiltzen du Alzheimerraren sintoma nabariena, bakarra izan ez arren: pazienteak ez dira gai bizikleta, koilara eta sagarra bezalako hitz zerrenda gogoratzeko. Berez, filma hunkigarritzat hartu dezakegun arren, gaitzaren eboluzioa argiro islatzen du, benetako gaixo bat protagonistatzat hartuz. Aipatu beharra dago, Maragallek bere bizipenak grabatzen dituela, jada nor den ere gogoratzen ez duenean, behintzat, bere ingurukoak ez ahazteko; edo hobe esanda, bideoa ikusten duen bakoitzean nor izan de birgogoratzeko.

jueves, 27 de enero de 2011

Txertoa, tratamendu posiblea?

Ikusteko dago oraindik saguetan arrakasta izan duen txertoak gizakietan zer nolako eragina izan dezakeen, baina orain arte gaixotasun honek ez du sendabiderik izan. Hala ere, egoera hobetzen lagundu dezaketen tratamenduak egon badaude, burmuinaren eta zelulen komunikaziorako ezinbestekoa den azetilkolina hain bizkor honda ez dadin botikak adibidez. Dena den, adituek diotenez, botikarik onena maitasuna da, gaixoen jokabidearekiko pazientzia eta ulermena.

Edozelan ere, uztailaren hasieran Estatu Batuetako Elan Corporation enpresako zientzialariek Nature aldizkarian iragarritako aurkikuntzak Alzheimer-en gaixotasunaren ingurumaria alda dezakete. Txertoak ez du gaixotasuna sendatuko, baina gizakiekin probatzean saguekin lortutako emaitzen parekoak aterako balira, Alzheimerrenak dagoeneko tratamendua izango luke, gaixotasuna sendatzerik ez litzateke lortuko, baina geraraztea bai. Bestalde, txertoa prebentzioan eraginkorra balitz gaixotasuna bera desagertaraziko litzateke. Beraz, adituek etorkizunerako egin dituzten kalkuluak ezerezean geratuko lirateke. Dena den, horretarako denbora beharko da, oraindik ez baitago txertoa gizakietan probatzeko baimenik ere —baimena lortu eta aurten hasteko itxaropena dute—.

lunes, 17 de enero de 2011

Txertoa, zertan datza?


Alzheimer-en gaixotasunaren ezaugarri nabarmenetako bat burmuinean gertatzen den amiloide izeneko proteinaren kontzentrazioa da. Laborategiko saiakeretan erabili ziren saguak genetikoki eraldatuta zeuden, burmuinean ohi dena baino amiloide gehiago sor zezaten. AN-1792 izeneko txertoak amiloide-plakak sortzea eragotzi zuen. Elan Corporation enpresako ikerlariek saguen sistema inmunoari ziria sartzen saiatu ziren, sistemak berak amiloideak substantzia arrotzat har zitzan.Horretarako bederatzi saguri amiloideak —beste elementu batzuekin konbinatuta—injektatu zitzaizkien, txertoa eman zitzaien; beste 17k ez zuten txertorik jaso. Hori egin eta 13 hilabetera saguen burmuinak aztertu zituzten eta txertoa hartu zuten saguen burmuinetan amiloiderik ez zegoela edo oso gutxi zegoela ikusi zuten; gainerako saguen burmuinetan amiloideen kontzentrazioa handia zen.

Bigarren entsegua ere egin zuten ikertzaileek, txertoa dagoeneko amiloide-plaka ugari zituzten saguei emanda. "Txertoak gaixotasunaren garapena gerarazi zuen, eta —itxuraz behintzat— plaken kontzentrazioa gutxitu egin zen".

Saguekin egindako entseguek itxaropenerako zirrikitua irekitzen duten arren, badira txertoak gizakietan Alzheimerrenari aurre egiteko baliorik ez izateko arriskua dagoela pentsaraz dezakeen arrazoirik. Horietako bat —oinarrizkoena— amiloideak dira, baliteke eta amiloideen kontzentrazioa gaixotasunaren sintoma izatea, eta ez gaixotasunaren eragilea. Bestalde, Alzheimerrena duten gaixoek burmuinean saguek ez dituzten beste ezaugarri batzuk dituzte. Azkenik, ez dago argi lehen aipatu diren sintoma eta portaera guztiak Alzheimerrenaren hasieraren ondorio diren edo beste zerbaiten ondorio izan daitezkeen; hortaz, arrakasta osoa lortzeko ezinbestekoa izan beharko litzateke aldez aurretik argi eta garbi jakitea nork duen gaixotasuna, eta nork duen gaixotasuna izateko arriskua.


Alzheimerrenari aurre egiteko balio duen edo ez jakiteko denbora beharko den arren, AN-1972 txertoak aukera berriak irekitzen ditu hainbat proteinaren kontzentrazioaren ondorioz sortzen diren gaitzen, Creutzfeldt-Jakob-en gaixotasunaren —behi eroen gaitzarekin lotura estua duena— edo Parkinson-enaren, aurka lan egiteko.

lunes, 3 de enero de 2011

Informazio gehiago

      Bloggean zehar azaldutako informazioa milaka pertsona sufritzen duten gaixotasun isil hau hobeto ezagutzen lagun diezagukeen arren, Alzheimerraren inguruko informazio gehiago Alzheimerdun gaixoak laguntzeko estatu mailan dagoen erakundearen web orrialdean eskuragai dugu.


Oraintxe aipatutako "Fundación Alzheimer de España" estatu mailari dagokio. Baina Elgoibarko udaletxeak Alzheimer duten gaixoei, eta zehazki hauen zaintzailei, laguntza eskaini ohi die, gaitzari aurre egin ahal izateko. Izan ere, asko hitz egin dugun gaixoei buruz, eta hauek sufritzen dutenari buruz; baina hauen jagoleak ahanzteko joera izan ohi dugu. Eta jagole hauek (senideren bat kasu gehienetan), ez dakite zehazki nola lagundu gaixoari.
Galdera asko sorrarazten dira itaun honen inguruan: nola tratatu behar dut gaixoa? Egokia dena egiten ari al naiz? Nik gaixoa laguntzen dut, baina nork laguntzen nau ni?
Guzti honi aurre egiteko, eta laguntza bila joateko, Elgoibarko udaletxeak antolaturiko hitzaldiak eta antzekoak daude bai gaixoa bai zaintzailea laguntzeko prest era deinteresatu batetan.

Elgoibarko udaletxeak Alzheimerdunei eskainitako laguntza


Bizkaiko udalerritan ere zerbitzu hau eskuragarri dago behar dutenentzat, besteak beste Leioan, non bertako udaletxeak, Elgoibarren bezalaxe, laguntza zerbitzua doan eskaintzen duen.

domingo, 2 de enero de 2011

Alzheimerrak jota dagoen pazienteari laguntzeko gomendioak

Alzheimer duen senideren edota ezagunen bat edukiz gero, hona hemen euren bat-bateko jarrera aldaketei aurre egiteko jarraibide batzuk:
  1. Alzheimerren gaitza sendatzeko modurik ez dago gaur egun. Baina bere sintoma batzuk hobetu egiten dira tratamendu egokiarekin.
  2. Gaitzak ez dakarkio, berez, inolako minik pazienteari.
  3. Komeni da pazienteari inguruko errealitatea behin eta berriz agertzea: Zein naiz?, Non zaude?, Zein egun da gaur?, etab.
  4. Urduri edo erasokor badaude, izan daiteke gaitzak eraginda edota beste arrazoi batengatik. Medikuari kontsultatu.
  5. Pazientea umore txarrez edo mespretxuz agertzen bada, pazientziaz hartu. Maitasunez tratatu eta zoriontsuagoak izango dira.
  6. Ahal bada, ez daitezela ohean geratu edo isolatu. Beren bizi-kalitatea hobetuko duen harreman positiboa eta beroa mantendu horiekin.
  7. Zeuentzat nahiko zenituzketen errespetu eta maitasun berberaz trata itzazue. Hobeto bizitzen lagunduko diezue.

viernes, 31 de diciembre de 2010

Alzheimerraren prebentzio ez farmakologikoa

 Jarraian aurkezten zaizuen bideoak laburki azaltzen ditu mediku baten ahotik, besteak beste, jada emandako gomendioak. Horrela bada, ikustea gomendatzen dizuet, prebentzioa gaur egun,  gaixotasunari aurre egiteko tresna bakarra baitugu.

jueves, 30 de diciembre de 2010

Tratamendua eta prebentzio ez-farmakologikoa

Tratamendua:
Alzheimer gaixotasuna tratatzeko metodoetariko bat plasmaferesis bidez egitea da. Aferesiaren bidez, odolean aurkitzen diren eta gaitzaren eragileak diren gorputz patogenoen eliminazioa bermatzen da, patogenoak giza gorputzetik ateraz.
Kontutan hartzekoa da Alzheimerraren eragilea diren plaka senil estrazelularraren osagaia beta-amiloidea dela, eta plaka hauek oroimenaz arduratzen diren garun parenkiman aurkitzen direla. Hortaz, plasmako albuminaren %90 albuminari lotuta dagoenez, plasmaferesisi bidez plasma zirkulatzailea mobilizatzea lortzen bada,  beta –amiloidea (Aß) bahitzea lortuko zen. Ondorioz, gaixotasunaren areagotzea murriztea lortuko genuke. Izan ere, alzheimer eragiten duen plaka amiloidea murriztea lortuko baitzen.

             Alzheimerraren sorrera oroimenaz arduratzen diren garuneko parenkiman plaka senilak agertzean datza. Aß plaka horien osagai dira. Hau horrela dela jakin arren, oraindik ez da tratamendu eraginkorrik aurkitu eritasunari aurre egiteko. Baina plasmaferesiaren bidez lortu nahi dena da Aß zitotoxikoaren produkzioa inhibitzea, horrela ezin metatu ahalko delarik aipatutako plaketan.

 Prebentzio ez-farmakologikoa:

      Prebentzio ez-farmakologikoan elikadura, aktibitate fisikoa eta soziala landuko dira.Mediterraneoko dietak ospe handia dauka. Dieta hau haragi gorri gutxi eta arrain, fruta, zereal, barazki, oliba olioa ugari kontsumitzean datza, baita ardo pixka bat ere. Dieta honen onurak antioxidatzaile kopuru altua eta kaloria gutxi hartzea dira. Hala ere, antioxidatzaile kontsumoaren garrantzia eztabaidatua izan da.
      Caenorhabditis elegans izeneko zizarearen kasuan baraua egiteak hauen bizi-iraupena handitzen du. Oro har, kaloria gutxiago hartzen diren herrialdeetan Alzheimer kasu gutxiago ematen direla ikusi da.
        Adinakoen artean aktibitate sozialak memoria eta komunikatzeko gaitasunak hobetzea suposatzen du, beraz, modu batean Alzheimerra pairatzeko probabilitatea txikiagotzen da. Aktibitate fisikoaren inguruan esan ohi da Alzheimerra sufritzeko aukerak gutxitzen direla baina hala ere hau ez da guztiz egia,izan ere kontrakoa esaten duten zenbait lan ere aurkitu izan dira.